Baionako manifestazioan izan gara: Euskararen eskubideen urraketen kontra.


Apirilak 22 zituenerako aurreikusia zuten manifestazioa. Gure ikastolatik autobusa antolatu genuen. Baionan elkartu ginen, beraz, autobusean edo norberaren kotxean hurbildu ginenok. Arizmendiko, Bergarako eta Elgoibarko lagunekin ere atera genuen taldeko argazkia.

Bertan ikusi genituen Bernat Etxepare Lizeoko ikasle eta irakasleak, eta Kolegioetakoak. Baita Seaskako hainbat ikastoletako ikasle eta gurasoak ere. Beraien borrokari eusten, irmo. Gurea ere baden borrokari.

Eta euskalki diferente eta eder asko ere entzun genituen; gure herrietako hizkeren aberastasuna nabarmentzen baita gehien horrelako egunetan. Eta zerbait elkarrekin eraikitzen ari garenaren epeltasuna ere somatu genuen. Eta elkartasuna. Eta esperantza; inoiz, irudikatzen dugun herria eraikitzeko bidea topatuko dugunaren esperantza.

Eta horrelakoetatik, indartuta bueltatzen da bat. Irribarrea ahoan. Gure eguneroko asmo, amets eta lanei heltzeko prest. Euskal Herritik eta euskaraz.

Hemen irudiak.

Iruzkinak