Ekainaren 16a: Kotxerik gabeko eguna Almenen

 Aurtengo ikasturtean D2030 ekimenaren barruan eta Torrebaso proiektuaren garapenean hainbat ekimen egin ditugu. Oraingoan mugikortasunari helduko diogu eta “kotxerik gabeko” eguna antolatu dugu. Honen helburua egun horretan ikastolara partaide gehienak oinez, bizikletaz, patinetez… etortzea izango da. 

Kotxerik gabeko eguna ekainaren 16an izango da, asteazkena. Ekintza hau aurrera eraman ahal izateko, gure eguneroko antolaketan aldaketa hauek emango dira:

Zure seme-alabak ikastolara bakarrik joateko ohiturarik ez badu, jakin, Lehen Hezkuntzako ikasleak goizeko 9:00etan elkartuko direla irakasleekin ikastolarako bidea elkarrekin egiteko: 

-Aretxabaletan, Basabeazpi eta Iralabarri parkearen artean.

-Eskoriatzan, herriko plazan. 

Eguerdian, modu berean, 12:00etan Almenetik irten eta goizean elkartutako tokiraino joango dira irakasleak bidelagun izanda. 

LHko gainontzeko ikasleak eta DBHko ikasleak euren kabuz oinez, patinetez, bizikletaz… etorriko dira.

Kontutan hartu beharrekoak: 

-Harrera gela zabalik egongo da. 

-Autobus zerbitzua martxan egongo da, baina modu ez-motorizatuan etortzea gomendatzen da. 

Salbuespenak (ezintasunak, larrialdiak,…) kontutan hartuko dira baina egun honetan kotxea etxean uzteko ahalegin berezia egitera animatzen zaituztegu. 


Etorkizuna gaur egiten dugunaren araberakoa izango da. Etorkizuna, gure erantzukizuna!

Torrebaso proiektuko partaideak


Iruzkinak