Dislexiaren Nazioarteko Egunaren harira


 Buruari bueltaka hasten bagara, den-denok dauzkagu ezaugarri bereziak. Denok dauzkagu hainbat indargune eta ziur denori ateratzen zaigula berehala gure ahulguneen zerrenda ere. 

Ezaugarri berezi batzuk, gehiago ikertu direlako edo maizago ematen direlako-edo, izena izatera iristen dira; izen propioa, letra larriaz hasita idazten diren horietakoa. 

Norberaren berezitasunei izena jartzea, askotan aukera bat izaten da berezitasun horrek berarekin dakartzan indarguneez jabetzeko eta ahulguneak lantzeko eta batez ere norberaren burua hobeto ezagutzeko. 

Bada, izena jarrita daukan berezitasunetako bat da Dislexia. Aste honetan, Dislexiaren Nazioarteko eguna izan dela eta, Almeneko DBH2n gaia landu ahal izan dute. Dislexiaren nondik norakoak bere azalean ezagutzen eta bizi dituen ikaskide baten testigantza ere entzun ahal izan dute. Dislexia dutenek indarguneen artean izaten dituzte sortzaile eta irudimentsuak izatea eta jarduera praktikoetarako iaioak izatea. Zailtasunak, berriz, irakurketa eta idazketan izaten dira; eta baita ortografia eta aritmetikan ere.

Orientazio departamenduak bultzatutako ekimena izan da eta bidelagunen laguntzaz eraman da aurrera bizikidetzako saioan. 

Dislexiaren Nazioarteko Egunari kolore gorria jarri omen diote. Kolore horrek ederto islatzen baitu dislexiadun pertsonek egun bakoitzean izan ditzaketen zailtasunei aurre egiteko jarri behar duten indar, adore eta kemena. Lanketa bukatu eta gero argazkia egin dute ikasle guztiek puxika gorriak hartuta. Hemen jasotako argazkiak.

Aurten, hari honetatik tiraka, aukera izango dugu izen propioa duten beste ezaugarri berezi batzuk ezagutzeko ere. 




Iruzkinak