DBH osoa proiektuetan murgilduta ikasturtea bukatzeko: 11 proiektu martxan!

Proiektuen bitartez lan egiteko kultura zabaltzen ari da Almenen!
Ikasturte bukaeran loratu egin direla esan daiteke, gainera. A ze giroa eta saltsa dagoen gunean egunotan!!

DBHn, esate baterako, lau ikasturteetako talde denak jarri dira lan, auzolan eta tailer ezberdinak garatzen. Beste urte batzutan DBH3 eta 4an egindako esperientziak bai ikasle eta bai irakasleek oso positiboki baloratu ondoren, funtzionatzeko modu hau DBH1 eta 2ra zabaltzea pentsatu dugu. Hori bai, bigarren deialdirako gairen bat pendiente geratu zaien ikasleen errefortzu orduak errespetatuz, noski!
Horrek guztiak zer ekarri du? Bada, egunotan Almenen txoko ezberdinak bisitatuz buelta bat emanez gero, ostadarraren koloreak baino aberatsagoa eta anitzagoa den paisaia ikusi ahal izatea! Eta ez Almenen bakarrik! Eskoriatzako Kultur etxean ere ari baitira lanean ikasleak. Ikusi bestela, zerrenda:

DBH1-2koak: Astebetez, egunero tailer ezberdinean hartzen dute parte: Stencil plantillak egiten ari dira eta kamisetak apaintzen; plastikoz forratutako papelarekin diru-zorroak josten; lip-dub estiloko bideoak sortzen eta editatzen; scratch programazioko hizkuntza erabiltzen animazio eta jokoak sortzeko; edo kirol ekintza bezala, Usakora bizikleta irteera egiten ikusiko ditugu. 5 egun, 5 tailer martxan!! Hemen daukazue argazki sorta bat zertan ibili diren ikusteko.

DBH 3-4koak: Auzolanean edo programa ezberdinak martxan jartzen ari dira. Sei proiektu dira guztira.
Kanpo eta barne espazioetan konpontze eta pintaketa lanak egiten ari dira; Eskoriatzako erretiratuei telefono mobilen inguruko formazioa emateko unitateak prestatzen ari dira; Goienarekin elkarlanean Youtuberren inguruko programa garatzen; 3D inpresora erabiliz Almen barruko seinaletika ordenadorez diseinatzen, sortzen eta inprimitzen ari dira (irakasleekin batera Unai Azkarate  batxilergoko ikaslea ari da ikasleekin lanean, aditua baitugu kontu hauetan); Gazteen Gipuzkoa programaren barruan etorkizuneko Gipuzkoa nolakoa izango den hausnartzen ere aurkituko ditugu eta, Eskola Aldirien harira "Gelditu, Lasatu eta Bizi" proiektua garatzen ari dira Garaion Natur Artea taldearen laguntzaz. Hemen argazkiak.

Kontatu al duzue zenbat proiektu diren? 11 guztira. Horrek ekarri du, irakasle taldea buru-belarri egotea hauek denak dinamizatzeko. Baina badakizue zer? Pena merezi duela! Ederra baita ikasleak bizi-bizirik eta sormena eta ekimena martxan daukatela ikustea.








Iruzkinak