Eskola aldiriak: ikerketa lanaren aurkezpena

Iaz Eskola Aldiriak proiektuaren babesean eskola bideen eta mugikortasunaren inguruan lanketa sakon eta interesgarria egin genuen Almenen.  "Gelditu, Lasaitu, Bizi" lemaren oihartzuna entzuten da oraindik irakasle gelan.

Gure gunera iristeko bideak ikuspegi, estetiko, artistikotik eta praktikotik aztertzen eta hauetaz hausnartzen aritu ginen ikasleak, irakasleak eta guraso talde bat.

Jakina baita, gai horren inguruan arazo larria daukagula  Almenen. Baina, era berean uste dugu baita ere, sentsibilizazioa eta poliki-poliki egindako bustitze lanak ekarriko dituela ohitura aldaketak.

Ikasturte berri honetan, hasteko, ikusi ahal izan dugu bizikletaz edo patinetez hurbiltzen den ikasle kopurua hazi egin dela, nahiz eta auto pilaketak ikaragarriak izaten diren zenbait ordutan. Ea gai honi buelta on bat emateko ikasturtea dugun aurtengoa!

Eskola Aldirien proiektu horretan Tabakalerako ordezkari gisa izan genuen iaz Mertxe Petxarroman bidelagun lanetan eta tartean, Mario Panizo artistak eta Garaioneko kideek ere haien ekarpenak egin zituzten.

Hori guztia behatzen Huheziko Leire Aranburu aritu zen eta hortik doktore tesirako ikerketa egin ahal izan du. Ikerketa-lan hori aurkeztera etorri da Leire aste honetan Almenera, eta ekintza hori bera erabili dugu irakasleok aurten gai horri jarraipena emateko lehen urratsak irudikatzeko ere. Hemen aurkezpeneko argazkiak.

Iruzkinak