Arrasateko Ikastolaren Egunean ere egon ginen!!


Urtean zehar ekitaldi asko eta asko izaten dira Arizmendi Ikastolatik antolatzen ditugunak herrietara begira: Gabonetako Emakumeen Futbol txapelketa, Abesbatzen topaketa, Kros Solidarioak eta Arizmendi Kirol Elkartekoek antolatutako hainbat eta hainbat ekintza, esate baterako.
Udaberri partean, berriz, ikastolak presentzia duen 3 herrietan festak egiten ditugu. Aurten, Aretxabaletan Basabeazpiko Udaberriko festarekin hasi ginen, gero Eskoitzako Ferixia izan zen eta azkenik, pasa den ostiralean, Arrasateko Ikastolaren Egunaren txanda izan zen.
Giro paregabea izan genuen bertan. Gune ezberdientako irakasle eta bestelako langileok alboz-albo elkarlanean jarduteko aukera  izaten dugu ekitaldiotan, eta ostiralean ere hala izan zen; aspaldi ikusi gabekoekin tril egiteko parada ere izaten da; umore onez jardutekoa, ohikoak ez diren lanetan.
Batxilergoko ikasle asko ere ikusi genituen umeentzako tailerrak gidatzen; izan ere, monitoretzako ikastaroak egiten ari diren ikasleak izaten dira ardura horiek hartzen dituztenak.
Oholtzan ere, gure ikasleak ikusi ahal izan genituen kantuan, dantzan eta musika  tresnak jotzen; arratsaldea ikasle eta ikasle-ohiek eratzen duten Jasan taldearen kontzertuarkein bukatu genuen.

Horri guztiari gehituko diogu jende asko hurbildu zela festa gunera eta eguraldia ere lagun izan genuela. Primerako osagaiak, primerako festa bizi izateko. Argazki sorta bat ere atera genuen. Hemen dauzkazue eskura.

Iruzkinak